XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izkribu horiek idatzi zituen Piarresek, 1979-1982. urteak artean, eritasunak ordukotzat joa zuelarik eta bere kargu guziak bazterrera utziak zituelarik. Bizpalau kaieretan, titulu ezberdinekin, Zokoako eliza, Irri eta nigar, Bazkalondoko ixtorio, Nere aitormenak eta holako, emanak zituen, gogora jin arau.

Zokoako eliza, berak garbian ezarria zuen 1979ko irailean, erretor kargua uztean. Bertze guziak aldiz, aski nahasiak aurkitzen dira, eta neroni jakinarazi zaitalarik, 1982ko urriaren 1ean erabakia zuela nire gain uztea oroitzapen horien ordenatzeko, osatzeko eta argitaratzeko lana, ondoko bi hilabeteetan igorri zizkidan, Hazparneko oroitzapenei eratxikitzeko, kasik egunero, orrialde bakarreko edo berdin 15 orrialdeko eskutitzak.

Nire adiskide Piarresen idazki horiek guziak begirune handirekin hartu ditut eta ahal bezain zuzen kronologiaren arabera ordenatu. Aitortuko dut, gertakari berak bizi izan ditugulakotz, harek eta nik, bereziki Hazparneko urteetan (1939-1951), ohar bat edo beste tartetik sartzeko gutizia jauzi zaitala, han hemenka, bainan ez, ez naiz ausartu.

Gainera, liburuaren lehen orrialdean berean irakurleak irakurriko ditu, nik bezala, lerro hauek: Ez da errex oroitzea zer eta non gertatu den, eta zuzen haren erraitea. Hortakotz bertze jokamolde errexago bat hartuko dut: Gogora heldu zaizkidan bezala, batere segidarik gabe ene biziko zenbait ixtorio salatuko ditut. Agian ez dira izanen beti aspergarriak, bainan batzuetan bederen irringarriak.

Nitaz bertze lekukorik izan dudan kasu batean, hots, Hazparnen Alemanek hil zituzten Xemartin Tipy eta Albert Hirigoyen bi gazteen kasuan, zuzenketa bat egin badiet ere, erran dezaket beraz Piarres Larzabalen biziko ixtorioak ezarri ditudala, ahalaz, berak idatzi zituen idazkeran, bainan, berak eskatu bezala, haren biziko urteen segidari jarraikiz.